White Rabbit jatetxeko (Mosku, Errusia) chefa

1983an jaio zen, eta bosgarren belaunaldiko sukaldaria da Vladimir Mukhin. 12 urterekin hasi zen, bere aitak chef lan egiten zuen jatetxeko sukaldean. 2004an, Plejanov Errusiako Ekonomia Unibertsitatean graduatu zen, “Jatetxe publikoetako Ingeniari-Teknologo” espezialitatean. Belgrad, Kitai-Gorod, Nostalgie eta Cafe Pushkin jatetxeetan egin zituen praktikak.
2000. urtean, Red Square jatetxeko lantaldean sartu zen; Chefen Gremio Nazionaleko presidentea den Alexander Filin chef ezagunak zuzentzen du jatetxe hori. Elkarrekin, Buloshnaya kafetegia ireki zuten 2003an eta, urtebete beranduago, sukaldeburu hasi zen hantxe Vladimir; horrela, Chefen Gremio Nazionaleko chefik gazteena bihurtu zen.

Mukhin izan zen Frantzian biran ibili zen errusiar sukaldaritza modernoaren historiako lehen chefa; Frantzian, Christian Etienne frantziar chefarekin batera, Russian Christmas gala-afaria ospatu zuen Michelin izardun Christian Etienne jatetxean. Chef moduan, Zhitnaya, 10 eta Windsor jatetxeak ireki zituen. La Barone (Frantzia), El Celler de Can Roca (Espainia), Khajimi (Japonia) eta Can Jubany (Espainia) jatetxeetan trebatu da.

2012az geroztik, Moskuko White Rabbit jatetxeko chefa da. 2014an, Red Fox jatetxeko sukaldea zuzendu zuen, Rosa Khutor eski-estazioan, Neguko Joko Olinpiarretan deskubrimendu gastronomiko bihurtu zena.

2017an, IKRA gastronomiaren nazioarteko Errusiako jaialdiaren sortzaileetako bat izan zen. Eta urte hartan bertan, Chef’s Table Errusiako lehenengo –eta bakarra– antzoki gastronomikoaren inaugurazioa zuzendu zuen, eta hango chef egoiliar nagusietako bat bihurtu zen.

2018an, Gorynich jatetxearen irekiera zuzendu zuen; Moskun urte hartan sari gehien jaso zituzten jatetxeetako bat da Gorynich, oso boladan dagoen jatetxea, eta errusiar kultura du ardatz nagusitzat, bere errezeta eta maitagarrien antzinako ipuinekin. Laster iritsiko zen beste inaugurazio garrantzitsu bat 2018. urtean bertan, Sakhalin itsaskien eta arrainen jatetxearena; 360 graduko bistak ditu Moskura, eta Errusiako ekialderen dagoen zonatik zuzenean ekarritako itsaskiak eta arrainak zerbitzatzen ditu. Hantxe sortu du bere sukaldaritza-alderdi berria, Errusia, Ekialdea eta Mendebaldea fusionatuz, hau da, MeditarrAsian sukaldaritza, Errusiako bertako produktuetan eta errezeta mediterraneo eta asiarren kobinazio berezian oinarritutakoa.

Hauexek dira jaso dituen sarietako batzuk: Errusiako chef gazterik onena (2013); txapeldunordea “St. Pellegrino Cooking Cup” chef gazteen nazioarteko lehiaketan (2013); 2014an, munduko 100 jatetxe onenen artean sartu zen White Rabbit jatetxea; 2016an, The World’s 50 Best Restaurants zerrendako 18. postua lortu zuen White Rabbit jatetxeak…

2018an, The World’s 50 Best Restaurants zerrendako 15. postura igo zen White Rabbit jatetxea.