Atrio jatetxea (Cáceres)

Atrio jatetxeko sukalde-burua da Juan Antonio Perez (Casar de Caceres, 1961), bere hitzetan “beti intuizioan oinarrituta, egile-sukaldaritzatik” Extremadurako sukaldaritza berritu duen chefa. 18 urte zituenean, Arte Ederrak ikasten ari zela, eta aitaren gozotegian suak deskubritu zituelarik, behin betiko sukaldaritzara dedikatzea erabaki zuen. Jantokiko eta ardandegiko buru dagoen Jose Antonio Polorekin batera (ardandegia Espainiako onenetako bat da, bere ardo-karta ikusgarriari esker jaso dituen sariek erakusten duten bezala), benetako miraria lortu du Gizateriaren Ondare den Extremadurako hirian.

Juan Mari Arzaken jarraitzailea eta Alfonso Davilarena Jockey jatetxean, Fredy Girarden jarraitzaile sutsua, sukaldari artistikoa eta sortzailea da, nahiz eta beti izaten duen gogoan bere egoitza Extremaduran dagoela, sukaldaritza gogorra eta soila beti nagusi izan den lurraldean.

Extremadurako produktu bikain guztiak –hala nola urdaiazpikoa, torta del Casar gazta, produktu basatiak, gari-zainzuriak, barrabilak, perretxikoak, piperrautsa, olioa eta ehiza– erabiltzen ditu bere errezetetan, baita bertako arrainak ere, tenka eta karpa, besteak beste. Baina, guztiaren gainetik, Toñoren sormena gailentzen da, bere hedonismoa eta ondo egindako gauzenganako maitasuna. Sukaldari Gazteen Espainiako Txapelketa irabazita, gure herrialdearen ordezkari izan zen Bocuse d´Or lehiaketan, 1993an. Sukaldari Onenaren Gastronomiaren Sari Nazionala irabazi zuen 1995ean. Gastronomiaren beste Sari Nazional bat ere eman zioten 1998an, Jatetxeko Kartaren Diseinu Grafiko Onenarena. Handik urte batzuetara, Argitalpen Onenaren Gastronomiaren Sari Nazionala eskuratu zuen, “Gusto y Gustos de Extremadura” liburuagatik.

2003. urtetik, munduko ardo-karta onenen “Grawd Award” ezagunaren jabe da, hori duen jatetxe bakarra Espainian; Wine Spectator amerikar aldizkariak ematen du sari hori. Hiru eguzki ditu Atriok Campsaren 2006ko gidan, bi Michelin izar eta 9,5 puntu Gourmetourren. Altair eta Adebaran jatetxeek –Extremadurako hiriburu Meridan eta Badajozen dituen filialak– eguzki bana eta Michelin izar bana lortu zuten.