Akelarre jatetxea (Donostia)

Donostian jaio zen Subijana 1948an; Akelarre jatetxearen gidaritza hartu zuen 1975ean, eta jabe bakarra da 1980az geroztik. Maila goreneko sariak ditu prestigio handieneko gida gastronomikoetan: hiru Michelin izar, 9,50 puntu Gourmetour gidan, hiru Eguzki Repsol Gidan. Bere jatetxea Relais Chateaux kateko kide da.

1986tik, Euro-Toques Sukaldarien Europako Erkidegoaren ordezkari da Espainian, Komisario Orokor gisa. Eta 2003an Nazioarteko Euro-Toquesen Lehendakari izendatu zuten. Aurten utzi du kargua.

Gastronomia ikastaroetako irakasle izan da Amerikako eta Europako hainbat unibertsitatetan, baita Gipuzkoako bi eskolatako aholkulari ere. Ostalaritza eta elikaduraren sektoreekin lotutako enpresen aholkulari ere jarduten du.

Zortzi errezeta-liburu argitaratu ditu, eta “La  Cocina de Pedro Subijana” telebista-saioa aurkeztu du ETBn.

Urte hauetan guztietan, estamentu eta argitalpen ugariren sariak jasotzen jarraitu du; hala nola Jatetxe Onenaren Club Gourmets saria 1999an, “Lo Mejor de la Gastronomia” argitalpenaren Sukaldari Onenarena 2000. urtean, Espainiako Jakiak Saria 2001ean, etab.

Geldiezina da, eta inplikatua sukaldaritzarekin, produktuarekin, ikerkuntzarekin eta berrikuntzarekin zerikusia duen guzti horretan (I+G+b zentro bat dauka jatetxean bertan), Basque Culinary Centerren Patronatuko kide da, bultzatzaile gisa. Akelarre itsaso aurrean dagoen luxuzko hotela ere bada gaur egun.