A Casa do porco Bar (Sao Paulo, Brasil)

San Jose del Rio Pardo udalerrian, Sao Paulo barnealdean, jaio zen Jefferson Rueda 1977an. Haurra zela zaletu zen gastronomiarekin, eta harakin lanetan aritu zen bere jaioterrian bi urtez. 17 urte zituela, nazioarteko chef ikasketak egin zituen SENACen, Culinary Institute of America eskolarekin hitzarmena zuen zentroan. Nazioarteko hainbat jatetxetan jardun zuen, hala nola El Celler de Can Roca eta Santi Santamariaren Can Fabes jatetxeetan, eta chefa izan zen Madeleine, Pomodori eta Attimo jatetxeetan, besteak beste.

2015ean ireki zuen A Casa do Porco Bar Sao Paulo erdigunean, bere ametsik handiena betez. Hantxe batzen dira bere esperientzia guztia eta bere pasioak:  txerria, sua eta harakintza.  Txerriaren inguruan lan egiten du gaur egun, ekoizpen-kate osoa aztertuz, ikertuz, sortuz eta mapeatuz, txerria protagonista duen brasildar sukaldaritza kontzeptual jator bat aurkezteko. Jatetxea da Jeffersonek kalitate handiko sukaldaritza arrazoizko preziotan eskaintzeko bere ametsa betetzeko aukera ematen dion espazioa. 2018an, Hot Pork eta Sorveteria do Centro ireki zituen.