Clandestino jatetxea (Sao Paulo, Brasil)

Clandestino jatetxeko chefa eta Receta de Viaje saioaren aurkezlea (TLC Discovery) da Coelho; oso goiz deskubritu zuen bere bokazioa. Oso familia gourmet bateko kidea da, eta sukaldaritzarekiko eta zaporeekiko konexio handia gordetzen du bere memoria afektiboan. Culinary Institute of America (ICA) eskolan trebatu zen, eta munduko jatetxe garrantzitsuenetako batzuetako izen handiko chefekin lan egin zuen, hala nola El Celler de Can Roca eta Alex Atalaren DOM jatetxeetakoekin; horrela, esperientzia handia eta teknika klasiko eta abangoardiako teknika asko bereganatu zituen. Telebistako saioaren aurkezle lanari esker, Brasilgo 35 hiri baino gehiagotara bidaiatu du, bere ikerkuntzan sakonduz eta, beste begirada baten pean, Brasilgo benetako sukaldaritza eta errezeten, pertsonaien, ohituren eta historien aberastasun guztia deskubrituz. Hilabetean astebetez bakarrik zabaltzen du bere jatetxea, eta dastatzeko menuak zerbitzatzen ditu, tokiko produktuei eta brasildar kulturari buruzko bere ikerkuntzetatik abiatuta.

Candombleko Orixas jainkoei buruzko azterlan garrantzitsua eginda du chef honek; Candomble Afrikatik datorren erlijioa da, Brasileko kultura gastronomikoan, batez ere Badiakoan, eragin handia izan zuena eta ikaragarri aberastu zuena. Brasileko biomei (Amazonia, Mata Atlantikoa, Caatinga, Pantanal, Pampas eta Cerrado) eta hango bertako produktuei eskainitako lan bat ere badu.

Gaur egun, eginkizun garrantzitsua betetzen du brasildar guztientzako kalitatezko elikadura osasungarria bermatzearen aldeko borrokan. Brasilgo nekazaritzan egiten den substantzia toxikoen gehiegizko erabileraren aurka borrokatu du, baita nekazarien eta herri tradizional indigenen eta kilonbolen (quilombola) alde ere.