San Sebastian Gastronimika-Euskadi Basque Country kongresuak Pintxoen I. Biltzarra hartuko du, gero eta indar handiagoa hartzen ari den sektore hori aintzateste aldera

Nandu Jubany, Enrique Fleischmann eta Nacho Manzano chefek eta Jose Carlos Capel, Mitxel Ezquiaga eta Xavier Agullo kritikariek hitzaldiak eskainiko dituzte asteazken goizean, urriak 10, Kursaal Jauregiko Ganbera Aretoan.

Bar de Bares Keler Sari Nagusia ere emango da biltzarraren baitan, eta Gastronomikaren webgunean eskura daitezke sarrerak, doan.

Nandu Jubany, Enrique Fleischmann eta Nacho Manzano chefek hartuko dute parte, besteak beste, San Sebastian Gastronomika-Euskadi Basque Country kongresuak edizio honetan antolatu duen Pintxoen I. Biltzarrean. Asteazken goizean, urriak 9, izango da hori; dozena bat profesional igoko dira Kursaal Jauregiko Ganbera Aretoko eszenatokira, pintxoen, barren, taberna ilustratuen eta, oro har, miniaturazko sukaldaritza-proposamenen formatu berri guztien sektore gero eta aberatsago eta ibiliagoari balioa emateko eta horretan aurrera egiteko.

Gastronomiaren alor indartsu hau biltzarrean kokatzeko asmoz, sektorearen panoramaren kartografia osatuko duten hitzaldi eta aurkezpen ezberdinez osatutako egitaraua proposatzen du Gastronomikak, sektorearen alderdirik ludikoenetik hasi eta teknikoeneraino iritsiz, betiere sektoreko puntakoenen eskutik. Horregatik, Jubany, Fleischmann eta Manzano chefez gain –azken hori arduratuko da biltzarrari amaiera emateaz, pintxoaren errepaso historiko batekin–, El Portal Alacanteko taberna gastronomikorik bisitatueneko Carlos Bosch eta Nuria España ere izango ditugu gurekin; baita Donostiako erdiguneko erreferentziazko pintxo-tabernetako bat den El Zazpi tabernako Paul Arrillaga ere, eta sektoreko Valladolideko hainbat sukaldari eta pertsonalitate, pintxoak hiri bat nola alda dezakeen nabarmentze aldera.

Luxuzko kartel hori osatzeko, hiru kazetari gastronomikoren (Mitxel Ezquiaga, Jose Carlos Capel eta Xavier Agullo) hitzaldia ere antolatu du Pintxoen Biltzarrak, pintxo mitikoei buruzkoa, eta Bar de Bares Keler Sari Nagusia, biltzarraren lehendabiziko edizio honetan Donostiako Bokado tabernari egokituko zaiona; antolatzaileen esanetan, “pintxoaren aitzindarietako bat, bere eskaintza garatzen jakin izan duena, betiere miniaturazko sukaldaritzatik abiatuta”.

Pintxoaren bilakaera, pintxoak hutsean ontziratuta, koktel eta cateringetarako miniaturazko sukaldaritza, ardoen kudeaketa barran eta pintxoak hartzen ibiltzearen ohitura tradizionalaren ikuspegi garaikidea izango dira, biltzar baten barruan, beste biltzar hau ildaskatuko duten gaiak; era horretan, miniaturazko sukaldaritzari bere atal propioa eman nahi izan dio Gastronomikak, oso errotuta dagoelako eta garrantzi handia duelako, eta profesional guztiei irekiko die, doan. Izena eman besterik ez dute egin behar interesa dutenek.

Gastronomikaren baitan garatuko da Pintxoen I. Biltzarra, baina sarrera indibiduala izango du. Biltzar horretara joateko interesa duenak aldez aurretik eman behar du izena, erabat doan, Gastronomikaren webguneko Ekintzak atalean, esteka honetan.

Pintxoen I. Biltzarraren egitaraua

Urriak 10, asteazkena

10.00 -10.30 Pintxoaren bilakaera

Paul Arrillaga, El Zazpi – Donosti

10.35 -11.05 Pintxoak hutsean

Enrique Fleischmann, Txoko – Getaria. Babeslea: Sammic

11.10 -11.55 Valladolid. Nola alda dezakeen hiri bat pintxoak

12.00 – 12.30 Miniaturazko sukaldaritza koktel eta cateringetarako

Nandu Jubany, Can Jubany – Calldetenes

12.35 -13.20 Pintxo mitikoak, hiru kazetarirekin

Mitxel Ezquiaga, Jose Carlos Capel eta Xavier Agullo.

13.20-13.30 Bar de Bares Keler Sari Nagusia

13.35 – 14.05 Ardoen kudeaketa barran

Carlos Bosch eta Nuria España, El Portal – Alacant

14.10 – 14.40 Pintxoak hartzearen ikuspegi garaikidea

Nacho Manzano, Gloria – Gijon/Oviedo

San Sebastian Gastronomika 2019 biltzarrak Elkanorekin bidaiatuko du, munduari bira egin zioneko 500. urteurrenean

2019ko urriaren 6tik 9ra egingo da San Sebastian Gastronomika-Euskadi Basque Country biltzarraren XXI. edizioa, eta lehen aldiz munduari itsasoz itzulia ematea lortu zuen Juan Sebastian Elkanoren bidaldiaren 500. urteurrena ospatuko du. Horretarako, Elkano hartuko du abiapuntutzat Gastronomika 2019 biltzarrak, Aitor Arregiren Getariako Elkano jatetxea hain zuzen ere, Andaluziaraino jaitsi eta, jatorrizko ibilbideari jarraiki, zapore bila itsasoratzeko: Kanariar irlak, Brasil, Argentina, Txila, Filipinak, Indonesia eta berriro Euskadira.

Beste latitude batzuetako izen handiko gonbidatuek ere hartuko dute parte tour gastronomikoan, baita espainiar sukaldarien konstelaziorik onenak ere. Hitzaldietara joateko –dastatze-saioak barne– (Gastronomikaren esklusibotasuna) izen-emateak irekita daude, biltzarraren webgunean (sansebastiangastronomika.com).