Paul Pairet, Matias Perdomo, German Martitegi, Chele Gonzalez, Virgilio Martinez, Jose Andres, Yoshihiro Narisawa eta Rodolfo Guzman

Munduko sukaldaritzaren abangoardiaren egoera erakutsiko dute Donostian Chele Gonzalez, Rodolfo Guzman, Virgilio Martinez, German Martitegi, Yoshihiro Narisawa, Paul Pairet eta Matias Perdomo chefek.

 Jose Andresek (Minibar**, Washington, AEB) jasoko du San Sebastian Gastronomika – Euskadi Basque Country kongresuak Anthony Bourdaini in memoriam emango dion Pau Alborna i Torras Kazetaritza Gastronomikoko saria eta, horrez gain, hitzaldia egingo du auditorioan.

Espainiak duela 20 urte bizi izan zuen iraultza gastronomikoa omenduko du San Sebastian Gastronomika – Euskadi Basque Country kongresuaren 2018ko edizioak, baina ez ditu ahazten nazioarteko chef eta iritzi-emaile garrantzitsuenak ere, ahalik eta egitaraurik onena aurkezteko. Horrela, bada, Penintsulako elite gastronomikoaz gain, Kursaal Jauregiko agertokian hitz egin eta kozinatuko dute Asia, Amerika eta Europako izen handiko eta sari ugari jasotako jatetxeetako chefek.

Inoiz egin ez den bezalako baterako hitzaldi batean, munduko goi-mailako sukaldaritzaren iraunkortasuna egiaztatuko dute Rodolfo Guzmanek (Borago, Santiago de Chile, Txile, Latindar Amerikako bosgarren jatetxerik onena The World’s 50 Best Restaurants zerrendaren arabera), German Martitegik (Tegui, Buenos Aires, Argentina, munduko #60. jatetxerik onena) eta Filipinar uharteetan bizi den Chele Gonzalez kantabriarrak (Gallery by Chele, Manila). Eta gauza bera egingo dute banakako formatuan Virgilio Martinezek (Central, Lima, Peru, Latindar Amerikako bigarren jatetxerik onena), Matias Perdomok (Contraste*, Milan, Italia), Yoshihiro Narisawak (Narisawa, Tokio, Japonia, Asiako seigarren jatetxerik onena) eta Paul Pairetek (Ultraviolet, Shangai, Asiako zortzigarren jatetxerik onena), beste inork bezala erakutsiko dizkigutelarik gastronomia globalaren bilakaera eta joerak.

“Anthony Bourdain: Parts Unknown” Asturias, irailaren 30ean, CNN katean

Mundu osotik etorritako sukaldari taldeaz gain, Jose Andres (Minibar**, Washington, AEB) izango dugu Donostian, eta parte-hartze bikoitza izango du. Sukaldeko ezustekoen eta emozioen inguruko hitzaldia egingo du asturiarrak auditorioan, eta berriro igoko da agertokira, kongresuak New Yorkeko Anthony Bourdain chef eta kazetariari in memoriam eman dion Pau Alborna i Torras Kazetaritza Gastronomikoko 2018ko Saria jasotzera. Ekainean hil zen Bourdain Frantzian; ondo ezagutzen zuen sukaldaritza barrutik (20 urtez izan zen sukaldari profesionala) eta, batez ere, kanpotik (CNN telebista-kateko “Anthony Bourdain: Parts Unknown” saioko protagonista zen). Gastronomikak sari hori eman dio “munduko sukaldaritzak ezagutarazteko egin duen lan garrantzitsuagatik, jasangarritasunari eta bidezko merkataritzari eman dion babesagatik, eta egin duen lan literarioagatik eta telebistako lanagatik”.

Ez da kasualitatea Jose Andres izatea Bourdaini eman zaion saria jasotzeaz arduratuko dena, oso lagunak baitziren. Esaterako, Andresek egin zion harrera Bourdaini pasa den apirilean Asturiasen, estatubatuarrak “Parts Unknown” saiorako kapitulu berrietako bat grabatu zezan. Elkarrekin, Asturias osoan ibili ziren Bourdain eta Jose Andres, hango gastronomia ezagutzen eta dastatzen eta, besteak beste, El Corral del Indianu eta Casa Lin jatetxeetan egon ziren. “Edertasuna besterik ez zenuen ikusten nonahi. Beti bidaiatuko duzu nirekin”, adierazi zuen asturiarrak bere lagunaren heriotzaren berri izan zuenean.

Asturiaseko saioa (hamaikagarrena) eta Bourdain denboraldi berri honetan lantzen ari zen beste batzuk grabatzen eta editatzen amaitu ez zuenez, zuzendariek eurek amaitu zituzten lanak; dagoeneko filmatuta zituzten irudiak Bourdainen ekoiztetxerako, baita chefaren beraren audioak ere. CNN telebista-kateak jakitera eman duenez, dagoeneko amaituta dago Asturiasi buruzko “Anthony Bourdain: Parts Unknown” saioa, eta irailaren 30ean emitituko dute, Jose Andresek saria jaso baino astebete lehenago.

Bourdain izango da San Sebastian Gastronomika kongresuaren aurtengo edizioko sarituetako bat, baina ez bakarra; kongresuaren Batzorde Teknikoak (Andoni Luis Aduriz, Josean Alija, Hilario Arbelaitz, Karlos Argiñano, Juan Mari Arzak, Eneko Atxa, Martin Berasategi, Pedro Subijana  eta Roser Torrasek osatzen dute batzorde hori) Urrezko Gueridon saria emango die Lluis Garcia eta Lluis Bioscari (elBulliko bi “historiko), eta Omenezko Saria, berriz, Juan Mari Arzaki. Hain zuzen ere, Arzaken miresle handia zela esan izan zuen Bourdainek. 2007an El Pais egunkariak egin zion elkarrizketa batean, amerikarrak adierazi zuen Juan Marik eta Elenak “munduko jatetxe onenetako bat” dutela, eta “berria euskal tradizioa ahaztu gabe konbinatzen” dutela. Aurten, Donostian topo egingo dute emozionalki bi maisu handi horiek.