San Sebastian Gastronomika-Euskadi Basque Country biltzarrak larunbatean egin du lehenengo ekitaldia, “Egun batez chef” –Super Amarak antolatua–, eta bertan, bi gazte eta bi heldu sukalde lanetan aritu dira entzute handiko lau gipuzkoar chefekin.

 

Iratxe Fariak eta Xabier Godinezek –15 urtekoak– oso ondo moldatzen direla erakutsi dute,   Rubén Trincado (Mirador de Ulia) eta Dani López (Kokotxa) sukaldarien ondoan. Lotsati samarrak baina iaioak, biek ziurtatu dute gipuzkoar gastronomiaren harrobia gogotsu dagoela.

 

San Sebastian Gastronomika-Euskadi Basque Country biltzarrak, bere 20. urteurrenean, ezin zuen bazter batean utzi hain harrera ona egin dion hiria. Sekula ez du halakorik egin, eta aurtengoan ere ez, jakina, eta beste behin ere antolatu du bere larunbateko ekitaldia Donostiako Bulebarrean. Hantxe egin dute, eguerdian, “Egun batez chef”, Super Amarak eta “El Diario Vasco”-k babestutako jarduera, eta horrela, profesionalak ez diren bi gaztek eta bi helduk aukera izan dute sona handiko lau gipuzkoar chefen ondoan kozinatzeko. “Egun batez chef” mokadutxo bat izan da, gogoa pizteko eta mundu zabaleko sukaldaritzaren jopuntua Donostian jarriko duen ekitaldi honen kultura gastronomikoa barreiatzen hasteko balio izan duena.

 

Bulebarreko kioskoan, jarduera hasi aurretik, zozketaren lau irabazleak ikusi genituen egokitu zitzaizkien kideei buruz eztabaidan. Aurrez finkatuak bazeuden ere, aldaketa egitea onartu zieten. “Ez dut nahi Danirekin batera kozinatu, nire iloba da-eta”, aipatu zuen Marisol Lópezek, zorioneko seniorretako batek. Familiarteko gastronomiak dakartzan kasualitateak, gastronomia ulertzeko modu batek dakartzan kasualitateak. Aldaketa adostu ondoren, eta laguntzaileak baieztatuta, eguerdian ekin zioten lanari. Aurrean zituzten bi ordu, zer eta Gipuzkoako jatetxeetako sukaldeak denon gozamenerako kalera atera diren bi ordu.

 

Dani López (Kokotxa) hummusa oilasko kurruskatsuarekin prestatzen ari zen aurreko urteetan ere parte hartu izan duen Xabier Godinezekin batera (15 urte); Pablo Loureiro (Casa Urola) Loli Pilarterekin aritu zen, txipiroia plantxan potxa kremarekin eta tomate eta albaka tartarrarekin prestatzeko; Rubén Trincado (Mirador de Ulia) Iratxe Fariaren (15 urte) laguntzaile edo pintxe lanetan jardun zen, Koc&Koc pi-bil oilaskoa eginez; eta Aitor Arregik (Elkano) itxi zuen showcooking saioa, kokotxak egosketa desberdinetan prestatzen Marisol Lópezi lagunduz, eta honek ezin zuen sinetsi halako pagotxa. “Etxekoek badakite nik ez dakidala gisa honetan kozinatzen. Ezin dute sinetsi ni hemen egotea. Gainera, Daniren izeba naiz…”.

 

Irribarreak, trikimailuak eta gastronomia barra-barra denontzat, Gastronomika ulertzeko jada ezinbestekoa den ekitaldi honetan, hain zuzen, gizarte honen sukaldaritza kulturarekin bete-betean uztartzen den ekitaldi honetan. “Betidanik izan dut gogoko kozinatzea. Eskolaz kanpoko klaseetan aritzen naiz, eta beraz, hemen egotea amets baten parekoa da. Goizegi da, agian, baina sukaldari izateko asmoa berresten dut honekin”, adierazi zuen Faria gazteak. Haren ama zegoen ondoan, hitzok baieztatuz. San Sebastian Gastronomika-Euskadi Basque Country abiatu da. Hiriak badaki; eta hiriak nahi du.

 

Bihar, Gastronomika Herrikoia eta Street Food

 

Ohikoa duen eran, biltzarrak egun bat aurreratu du bere hasiera eta Kursaaleko ateak zabalduko ditu igandean Gastronomika Herrikoiari lekua egiteko. Hau da, Gastronomikaren ate irekien eguna aurrera eramateko. 20. urteurrenaren ospakizunetan, jardunaldi herrikoi honek bi euskal sukaldariren eta Valladolideko beste biren showcooking saioak eskainiko ditu; zehazki, pintxogintzako lau maisu arituko dira.

 

Gisa horretan, Gastronomikak miniaturazko sukaldaritzari omenaldia eskainiko dio haren bultzatzaile nagusien eskutik, alegia Valladoliden eta Donostiaren eskutik, bi hiriok Espainian miniaturazko sukaldaritzaren bi erreferentzia baitira. 11.30etik 13.30era, Kursaaleko Ganbera Aretoan bata bestearen atzetik agertokira igoko dira Félix Manso (Felix Manso, Irun), Xabier Zabaleta (Aratz, Donostia), Víctor Marín (Trigo*, Valladolid) eta Teo Rodríguez (Trasto, Valladolid), pincho edo pintxoak lortutako arrakastaren alde topa egiteko, espainiar sukaldaritzaren arrakastaren eta entzute handiaren giltzarria izan den heinean.

 

Saio hori amaitutakoan, Street Foodek lekukoa hartu eta Kursaalen ataria bereganatuko du, arratsaldeko zazpiak arte lau tapa valladolidtar eskainiz, Valladolideko lau jatetxeren eskutik: Teo Rodríguezen (Trasto) oilo-eskabetxea jalapeñoen emultsioan, Jesús Barbado Herasen (Suite 22 Restaurant &Gin-Club) masail beteak; Alfonso Garcíaren (Don Bacalao) Taj-Mahal esneko arkumea, 2015ean Valladolideko Pintxo eta Tapen XI. Lehiaketa Nazionala irabazi zuena; eta Chisco Alonsoren (La Garrocha) etxean egindako atun gatzartu entsalada. Igandeko Street Food 19.00etan amaituko da. Street Foodeko txartelen prezioa, bai igandean eta bai biltzar egunetan, 4 eurokoa izango da (pintxo bat eta edaria) edo 6 eurokoa (2 pintxo eta edaria).