2018ko San Sebastian Gastronomika-Euskadi Basque Country biltzarrak eman du jada honako edizioa, hogeigarrena, omenaldiz eta aitortzaz betea, abiatzeko deia, eta asteburu honetan bertan ekingo dio bere bideari, hirian jarduera irekiak eskainiz.   

 

Basque Culinary Centerren izan da biltzarraren aurkezpen ekitaldia, eta euskal agroelikaduraren sektorearen garrantzia aitortuz eta hamaika euskal sukaldari gaztek prestatutako afariarekin eman diote amaiera.

 

Ostegun honetan, Basque Culinary Centerren (BCC), goi mailako gastronomiaren munduko topaketa handi honen 20. edizioaren aurkezpen ofiziala egin du Roser Torrasek, San Sebastian Gastronomika-Euskadi Basque Country biltzarreko zuzendariak, bere ondoan zituela Iñigo Iribarnegaray Vocento taldeko Gastronomiako zuzendari nagusia eta Hilario Arbelaitz eta Pedro Subijana Batzorde Teknikoko ordezkari gisa (batzordeko kideak dira, halaber, Josean Alija, Karlos Arguiñano, Juan Mari Arzak, Eneko Atxa, Martín Berasategui eta Andoni Luis Aduriz). Asteburu honetan bertan hasi (hainbat jarduera izango dira jada publikoari irekiak) eta datorren asteazkenera arte, hau da, urriaren 10era arte, Donostia hiria beteko du biltzarrak.

 

2016an sukaldaritzaren mapamundia osatu ondoren eta  jada zeresan handia ematen ari den potentzia gastronomiko bat (India) 2017an aurkeztu ondoren, 2018ko Gastronomikak edizio berezia dauka aurrez aurre: bere hogeigarren urteurrenekoa. Efemeride horrek bat egin du Espainiak duela bi hamarkada bizi izan zuen iraultza gastronomikoarekin, haren bozgorailu izan zelarik, hain zuzen, Biltzarra bera. Horrexegatik, 20. San Sebastian Gastronomika-Euskadi Basque Country aldi berean atzera begirako eta gerora begirako baten gisara agertzen da, omenaldia eginez sukaldari belaunaldi bati, Torrasek adierazi duen moduan, “munduan kokatu gintuzten sukaldariei, eta horien urratsak jarraituz gu hor kokatzen jarraitzen dutenei”.

 

2018ko Gastronomikaren aurkezpenean ez dute hutsik egin Joxe Mari Aizega BCCko zuzendariak, Eneko Goia Donostiako alkateak edota Denis Itxaso Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol alorreko diputatuak, eta berariaz nabarmendu dute biltzarrak zer-nolako papera jokatzen duen hiriak gaur egun duen lekua izan dezan. Era berean, Gastronomikaren eta gipuzkoar zein oro har euskal agroindustriaren garrantzia azpimarratu dute Arantza Tapiak, Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikoko eta Azpiegituretako sailburuak, Markel Olanok, Gipuzkoako ahaldun nagusiak, eta Bittor Oroz Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordeak.

 

Produktuaren eta euskal sukaldari gazteen afaria

 

Biltzarraren aurkezpenak euskal agroelikaduraren sektorearen garrantzia aitortzeko ere balio izan du, eta azken 20 urteotan nolako bilakaera izan duen ikusarazteko ere bai, aurkezpenaren ostean euskal sukaldaritzaren labealdi berriaren eskutik egindako afariarekin eta Azti Tecnaliarekin lankidetzan garatutako produktuak dastatzearekin. “Gastronomika gastronomia eta produktua da, iragana aitortzen du etorkizunera begiratzeari utzi gabe, eta afari hau tributu bat gehiago da”, adierazi du Torrasek.

 

Afarian parte hartu dute Edorta Lamok (Arrea!, Kanpezu, Araba), basurde bihotza txorizero&piparrekin eginda; Iosu Sainz Munillak (Kaskagorri, Gasteiz, Araba), Lumagorri raviolia arabar shitake ekoarekin; Txema Llamosak (Casa Garras, Concha, Bizkaia), hegaluzea, bere emultsioarekin eta baserriko tomateen eskabetxearekin mendrezkaz eta tomate minez betetako briochearekin lagunduta; Iker Barrenetxeak (Eneko Bilbao, Bilbo, Bizkaia), euskaltxerri listu-guruina bere zukuan glaseatua eta Bermeoko antxoa; Beñat Ormaetxeak (JauregiBarria, Amorebieta, Bizkaia), behe tenperaturako arrautza, patata krema eta atun salda ligatuaren gainean; Enrique Fleishmannek (Txoko, Getaria, Gipuzkoa), hegaluzea chipotle ketuan tostadan; Roberto Ruizek (Hika, Amasa, Gipuzkoa), Tolosako babarrun beltzak Roberto Ruizen eskutik, Beasaingo barazki odolkiarekin; Juan Carlos Ferrandok (Villa Magalean, Hondarribia, Gipuzkoa), udare konfitatuak, bleu des basques gazta, tomate eta kafe konpota; Jon Couso eta Aitor Amutxastegik (ArraunlariBerri, Hondarribia, Gipuzkoa), intxaur saltsa; eta Iñaki Muruak (Ikaro, Logroño, Errioxa), Euskolabel behi raviolia stracciatella trufatuz, ozpinez eta albakaz betea.

 

Basque Culinary Centerreko gaualdiaren partaide izan da, halaber, Julen Arburua, Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiakoa, eta Ordiziako azokan irabazle izandako gazta dastatzeko saioa prestatu du. Produktua, sukaldariak, pasioa, begirunea eta etorkizuna. 2018ko San Sebastian Gastronomika-Euskadi Basque Country hastera doa.

 

2018ko Gastronomikan luxuzko kartela

 

Ospakizuna erabatekoa izan dadin, asteburu honetan bertan hiri osoari irekitako jarduerekin abiatuko den Gastronomika 40 ponentzia programatzeraino iritsi da biltzarreko hiru egunetan (astelehenetik asteazkenera, hilaren 8tik 10era), Kursaaleko agertokiaren gainean 70 sukaldariren eta sukaldaritzaren arloko profesionalen parte hartzearekin. Hitzordu honi ez diote huts egingo estatu mailako sukaldaritzaren jomuga nagusiek, hala nola Juan Mari eta Elena Arzak (Arzak***), Martín Berasategui (Martín Berasategui***, Lasarte), Pedro Subijana (Akelarre***, Donostia), Andoni Luis Aduriz (Mugaritz**, Errenteria), Hilario Arbelaitz (Zuberoa*, Oiartzun), Eneko Atxa (Azurmendi***, Larrabetzu), Josean Alija (Nerua*, Bilbao), Joan Roca (El Celler de Can Roca***, Girona), Carme Ruscalleda (Sant Pau***, Sant Pol de Mar), Quique Dacosta (Quique Dacosta***, Dénia), Ángel León (Aponiente***, El Puerto de Santa María), Paco Pérez (Miramar**, Llançà), Dani García (Dani García**, Marbella), Diego Guerrero (DSTaGE**, Madril) edo Ramon Freixa (Ramon Freixa**, Madril).

 

Hitzaldiak taldean eta gaika

 

Indar berezia jarri da aurtengoan taldekako eta gaikako solasaldiak sustatzeko, bi profesionalen edo gehiagoren artean gai jakin baten gainean eztabaidatzeko. Hala, ospakizunarekin uztartuz, José Carlos Capel, Rafael García Santos eta Benjamín Lana kazetariek eta Quique Dacosta (Quique Dacosta, Dénia) eta Joan Roca (El Celler de Can Roca, Girona) sukaldariek hitzaldi bateratuan aztertuko dute azken urteetan Espainiako gastronomiak izandako goraldia, eta gisa berean arituko dira Kiko Moya (L’Escaleta**, Cocentaina), Alberto Ferruz (BonAmb**, Jávea), eta Ricard Camarena (Ricard Camarena*, Valentzia) levantetar sukaldaritzari buruz; Pepe Solla (Solla*, San Salvador de Poio) eta Javier Olleros (Culler de Pau*, O Grove) galiziar sukaldaritza garaikideari buruz; Albert Raurich (Dos Pebrots, Bartzelona), Paco Morales (Noor*, Cordoba) eta Miguel Ángel Mayor (Sucede*, Valentzia), sukaldaritza historikoei buruz; eta Nacho Manzano (Casa Marcial**, Arriondas) eta Marcos eta Pedro Morán aita-semeak (Casa Gerardo*, Prendes), Asturiasko Printzerriaren egungo errealitate gastronomikoari buruz.

 

Agertoki gainean taldean arituko dira, halaber, Eduard Xatruch eta Oriol Castro (Disfrutar**, Bartzelona) edo María José San Román (Monastrell*, Alacant) eta Mari Carmen Vélez (La Sirena, Petrel), 3.0 arrozei buruz hitz egiteko. Horrez gain, Gastronomikara gerturatuko dira Coque** (Madril) jatetxearen hiru hankak, hau da, hiru Sandoval anaiak, Rafael, Diego eta Mario, estreinakoz batera arituko dira hitzaldi batean.

 

Chefak eta beraien ikasleak

 

Aurten, berritasun gisa, espainiar chef handietako asko beraien “dizipulu nabarmenenak” –gehienak jada jatetxe eta izen propioaren jabe– aurkeztera ere igoko dira agertokira, belaunaldien arteko lekuko aldaketaren erakustaldi eskuzabal batean.

 

Sariak eta omenaldiak

 

San Sebastian Gastronomika Donostiako biltzarraren 20. urteurrena ospatzen ari da aurten, eta duela bi hamarkada espainiar sukaldaritza eraldatu zuen iraultza gogora ekarriz egingo du hori. Programak duela bi hamarkada espainiar sukaldaritza eraldatu zuen iraultzako artistak omenduko ditu, eta hein horretan, Omenaldi Saria ezinbestean “guztiari hasiera eman zion eta egun ere lanean jarraitzen duen chefarentzat izan behar zuen”, Juan Mari Arzakentzat (Donostia, 1942), hain zuzen. Epaimahaiaren arabera, Arzak jatetxeko chefa “gure sukaldaritza iraultzaren ikur da, sormen geldiezinekoa eta eskuzabaltasun neurrigabekoa”.

 

San Sebastian Gastronomikako Urrezko Gueridon sariak Kataluniara bidaiatuko du urteurren honetan, munduko jatetxerik onena izandakoaren zerbitzua saritzeko. Lluís García eta Lluís Biosca “elBulli-ko zerbitzuaren buru izan ziren Juli Solerren buruzagitzapean, eta harekin jantokia ulertzeko modu berri bati forma eman zioten, egun martxan den zerbitzuaren iraultzaren hastapenak izango zirenetan”, eta Kazetaritza Gastronomikoko Pau Albornà i Torras nazioarteko saria, Anthony Bourdain New Yorkeko kazetari zenduari emango zaio in memoriam.

 

Nazioartearen eta jasangarritasunaren presentzia

 

San Sebastian Gastronomikak iritziak kontrajartzearen alde egindako apustua nazioartearen presentziara ere iritsiko da, eta oro har jasangarritasunari buruz eztabaidatuko dute, Donostiako biltzarrak bereziki balioetsi nahi duen joeretako bat denez. Horretaz arduratuko dira, ikuspuntu desberdinetatik, aniztasuna ikuspegi desberdinetatik jorratu izan duten sukaldariak, hala nola Chele González (GalleryVask, Manila, Filipinak), Rodolfo Guzmán (Boragó, #27 The World’s 50 Best Restaurants, Santiago, Txile), Rodrigo de la Calle (El invernadero*, Madril) eta Germán Martitegui (Tegui, #27 The World’s 50 Best Restaurants, Buenos Aires, Argentina). Jasangarritasunari buruz arituko da, mintzatuz eta kozinatuz, biltzarreko nazioarteko hizlarietako bat, Virgilio Martínez (Central, Latinoamerikako bigarren jatetxerik onena, Lima, Peru), 2014an bertan izan ondoren Gastronomikara itzuliz gastronomiaren mundu mailako egoera azalduko baitu.

 

Festa asteburu honetan bertan hasiko da

 

2018ko San Sebastian Gastronomika-Euskadi Basque Country ez da soil-soilik sukaldaritzaren profesionalei begira egindako biltzar bat, hiri osoa eta eskualde osoa mugitzen duen ekitaldia baizik. Honen epizentroa Kursaal jauregiaren barnealdean garatzen bada ere, antolakuntzak mundu osoa egin nahi du partaide eta urtero bezala aurten ere jarduera sail zabala prestatu du leihatilatik pasatu beharrik gabe sukaldaritzaz eta biltzarraren magiaz disfrutatu ahal izateko. Larunbatean, hilaren 6an, Donostiako Bulebarreko kioskoan “Egun batez Chef” ekitaldia izango da, eta bertan, “El Diario Vasco” egunkariak egindako zozketan irabazle suertatu diren bi pertsona heldu eta bi haur lapiko artean ibiliko dira honako sukaldariekin: Aitor Arregui (Elkano*, Getaria), Dani López (Kokotxa*, Donostia), Pablo Loureiro (Casa Urola, Donostia) eta Rubén Trincado (El Mirador de Ulía*, Donostia).

 

 

Igandean arreta guztia Kursaalek bereganatuko du, ateak irekiko baititu Gastronomika Herrikoia, Gastronomikaren ate irekien eguna, aurrera eramateko. Aurten, 20. urteurrenaren ospakizunetan, jardunaldi herrikoian bi euskal sukaldariren eta Valladolideko beste biren showcooking saioak izango dira, laurak maisuak pintxogintzan. 11.30etik 13.30era, bata bestearen atzetik igoko dira Kursaaleko Ganbera Aretoko agertokira Félix Manso (Felix Manso, Irun), Xabier Zabaleta (Aratz, Donostia), Víctor Marín (Trigo*, Valladolid) eta Teo Rodríguez (Trasto, Valladolid), pintxoen eskutik lortutako arrakastaren alde topa egiteko, espainiar sukaldaritzaren arrakastaren eta entzutearen giltzarri izan direnez.

.

 

Street Food tapa eta pintxotan dabil

 

Behin hitzaldiak amaitutakoan, jarduera gunea Kursaalen ataria izango da, Street Food inauguratuko baita, elkarren osagarri diren bi proposamenekin. Igandean, eskainitako hitzaldien ildotik jarraituz, Street Foodek Valladolideko jatetxeetako lau tapa eskainiko ditu. Teo Rodríguezen (Trasto) oilo-eskabetxea jalapeñoen emultsioan, Jesús Barbado Herasen (Suite 22 Restaurant &Gin-Club) masail beteak; Alfonso Garcíaren (Don Bacalao) Taj-Mahal esneko arkumea, 2015ean Valladolideko Pintxo eta Tapen XI. Lehiaketa Nazionala irabazi zuena; eta Chisco Alonsoren (La Garrocha) etxean egindako atun gatzartu entsalada. Igandeko Street Food 19.00etan amaituko da.

 

 

Astelehenetik asteazkenera, Kursaaleko atariko gastronomia aldatu egingo da, eta urteurrenari omenaldia egingo dio, iraultza gastronomiko garaikidearen aterkipean tradizioaren biziberritzea markatu duten errezetekin. Hala, 12.00etatik 20.00etara, dastagai izango dira Carles Gaigen (Gaig, Bartzelona) kaneloiak trufa kremarekin, Nacho Solanaren (Solana, Ampuero, Kantabria) Via Láctea kroketak, Catedral de Navarraren Casa Gerardo fabada, Marcos Moránen eskutik (Casa Gerardo, Prendes, Asturias) edota Gorka Txaparteguiren (Alameda, Hondarribia, Gipuzkoa) bakailaoa saltsa berdean.

 

Street Foodeko txartelen prezioa, bai igandean eta bai biltzar egunetan, 4 eurokoa izango da (pintxo bat eta edaria) edo 6 eurokoa (2 pintxo eta edaria).

 

 

Donostiako Gastronomia Biltzarrak 20 urte

 

Duela hogei urte iraultza bat hasi zen, eta duela hogei urte sortu zen horri babesa eta hauspoa eman zion biltzarra. 1999an izan zen Donostiako Gastronomia Biltzarraren aurreneko edizioa, “Gastronomiaren onena” izenekoa, nazioarte osoan goi mailako sukaldaritzaren arloan egindako lehenbiziko biltzarra eta arloko entzutetsuena. Formatu berritzailearekin, aurrera egin zuen eta handi bilakatu zen, eta 2009an, mundu mailan sendotuta, San Sebastian Gastronomika izena hartu zuen, nazioarteko bokazio horretan sakontzeko.