San Sebastian Gastronomika-Euskadi Basque Country biltzarraren zuzendari Roser Torrasek Vocento Taldearen Gastronomia saileko presidente Benjamín Lanarekin batera, eta Hilario Arbelaitz, Elena Arzak, Martín Berasategui eta Andoni Luis Adurizekin batera, biltzarreko Batzorde Teknikoko ordezkariak izango baitira (Josean Alija, Karlos Arguiñano, Juan Mari Arzak, Eneko Atxa eta Pedro Subijana ere batzordeko kideak izango dira), ostiral honetan ofizialki aurkeztu du Basque Culinary Centerren (BCC) goi mailako gastronomiaren munduko topaketa handi honen 21. edizioa, Donostia hartuko baitu igandetik hasi (publikoarentzako jarduerekin) eta asteazkenera arte, urriaren 9ra arte.

 

Iaz hogeigarren urteurrena eta Espainiak duela bi hamarkada bizi izan zuen iraultza gastronomia ospatu ostean, Gastronomikak efemerideekin jarraitzen du 2019an; izan ere, urriaren 6tik 9ra, Donostiako biltzar apartak Juan Sebastian Elkano getariarrak (Magallanesekin batera) itsasontzian munduari lehen bira osatzeko hasi zuen bidaiaren bosgarren mendeurrena ospatuko du. Gastronomikoki sustatutako bidaia izan zen (espezien bila joan ziren) eta bidaia hark enpirikoki frogatu zituen mundua laua ez zela defendatzen zuten teoriak, bidaia “ausarta izan zen, guk eta Gastronomikak izan behar dugun bezalakoa”, Adurizen esanetan, bera partekatzen hasi baitzen, biltzarrak egingo duen bezala, hiru urteko bidean zehar marinel haiek pixkanaka aurkitu zituzten sukaldaritzen eta produktuen bilakaera bateratuta. Lurrinen eta zaporeen mundu bira berezia izango da, chef eta herrialde parte hartzaileen bai sukaldeko tradizioa bai gaur egungo berrikuntza erakutsiko baititu.

 

Aurkezpenean izan dira hauek guztiak: BCCren zuzendari Joxé Mari Aizega; Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikulturaren zuzendari Leandro Azkue; Gipuzkoako Foru Aldundiko Proiektu Estrategikoen diputatu Ainhoa Aizpuru edo Donostiako Udaleko bigarren alkateorde Ernesto Gasco, eta horiek guztiek adierazi dute biltzarrak paper garrantzitsua duela hiriaren gaur egungo posizionamenduan. Gasko poztu egin da Gastronomika 19ren berrikuntza handietako batekin: Pintxoen I. Biltzarra. Biltzar nagusiaren barnean beste biltzar bat izango da hitzaldi indibidual eta kolektiboekin, “biltzarrak hiriarekin duen zor bat baita”, adierazi du zuzendariak. “Formatu berri bat da pintxoen, barren, catering-en eta taberna ilustratuen sektore gero eta aberatsagoa eta jendetsuagoa balioztatzeko eta sektore horretan aurrera egiteko”, esan du Lanak. Asteazkenean izango da eta hizlariak hauek izango dira: Nandu Jubany (Can Jubany*, Bartzelona); Enrique Fleischmann (Txoko, Getaria); Nacho Manzano (Casa Marcial**, Arriondas); Carlos Bosch eta Nuria España (El Portal, Alacant) edo Paul Arrillaga (El Zazpi, Donostia).

 

Elkanoren bidaiaren arima gastronomikoa eta abenturazalea biltzarraren leitmotiva izango da; horrela, biltzarra ere Getariatik eta Elkanotik hasiko da, kasu honetan Elkano jatetxetik, Andaluziaraino jaisteko eta zaporeen bila itsasoratzeko, jatorrizko ibilbidea birjarraituz: Brasil, Argentina, Txile, Filipinak, Indonesia eta Espainiara itzuli. Exotismoak, inoiz ikusi gabeko ohiturak, chef ezezagunak eta izar handiak izango dira. Sukaldeko esperientzia planetarioen arragoa izango da, eta esperientzia horiek Donostian kointzidituko dute anfitrioi gisa arituko den euskal chefen ongietorriarekin eta hitzaldiarekin. “Enbaxadoreak izango gara, erakutsi egingo dugu baina, hein berean, bisitatuko gaituztenengandik ikasiko dugu”, adierazi du Elena Arzakek. Elkanoren arima, Gastronomika-Euskadi Basque Country-ren arima.

 

Festa igandean hasiko da

 

San Sebastian Gastronomika – Euskadi Basque Country ez da soilik sukaldaritzako profesionalentzako biltzar bat, baita hiri bat eta eskualde bat mugitzen dituen ekitaldi bat ere. Aurten, berrikuntza gisa, biltzarraren eta hiriaren arteko anaitasun jarduera egunez eta kokalekuz aldatuko da. Chef egun batez ekitaldiak Boulevarda utziko du eta Kursaalgo Ganbera Aretoan izango da urriaren 6an, goizean. Super Amarak babesten duen ekitaldi ezagun honi esker bi helduk eta bi haurrek bi chef handirekin batera kozinatu ahal izango dute. 11:30etatik 13:30etara hautatutako lau amateurrek sukaldari hauekin batera kozinatuko dute: Pablo Loureiro (Casa Urola, Donostia), Sergio Humada (Txintxardin, Lasarte), Ly Leap (Indochine eta Nelumbo, Bartzelona) eta JP Anglo (Sarsa, Manila, Filipinak) erabat doakoa izango den jarduera batean, Street Food-a ireki baino lehen izango dena.

 

Igande eguerditik eta asteazkeneko, 9ko, 19:00ak arte Kursaalgo ataripeetan janaria zerbitzatuko dute nahi duen ororentzat. Gastronomikaren Street Food-a izango da. Aurten, bertan izango dira hauek guztiak: Ly Leap (Indochine eta Nelumbo, Bartzelona, oilasko adobatua eta Banh Song Coco eskainiko ditu, bertsio beganoa eta kokozko kremadun fideo ganbekin), Pablo Airaudo (Amelia eta 1985 Cantina Argentina, Donostia, eta beren “choripanarekin”) eta Carito Lourenço eta Germán Carrizo (Doña Petrona, Valentzia, beren enpanadarekin).

 

Gastronomikaren Street Food-ean 11:00etatik 20:00etara jardungo dute (igandean eta asteazkenean izan ezik, 19:00etan amaituko baita). Prezioa, 4 eurokoa izango da (pintxo bat eta edaria) edo 6 eurokoa (2 pintxo eta edaria).

 

Izen nazional eta internazionalik onenak

 

Biltzarreko izarren programari dagokionez, euskal izarrekin batera izango dira Getariako parrillari onenak. Guztiek batera hitzaldi bat emango dute Elkanoren ondaretik datorren brasaren kultura aldarrikatzeko. Enrique Fleischmannek (Txoko Getaria), Igor Arregik (Kaia-Kaipe), Markel Iribarrek (Balearri), Gorka Lazkanok (Astillero) eta Aitor Arregik (Elkano*) azalduko dute Getariako brasen historia, nabigatzailearen legatutik hasi eta gaur egungo perfektutasunera arte. Taldeko hizketaldi horrekin herriak eta herrialdeak kultura gastronomikoarekiko duten lotura ikusi ahal izango da, hitzaldiburuek azalduta eta zehaztuta, eta edizioaren zioarekin zuzenean lotuko dute.

 

Gastronomikaren 21. edizioan ezin zuten huts egin sukaldari nazional onenek: Josean Alija (Nerua*, Bilbo), Hilario Arbelaitz (Zuberoa*, Oiartzun), Elena eta Juan Mari Arzak (Arzak***, Donostia), Eneko Atxa (Azurmendi***, Larrabetzu), Martín Berasategui (Martín Berasategui***, Lasarte), Pedro Subijana (Akelarre***, Donostia), Joan Roca (El Celler de Can Roca***, Girona) edo Dani García (Dani García***, Marbella), azken aldiz igoko dena agertoki batera hiru izarreko chef gisa.

 

Era berean, hauek guztiek ere parte hartuko dute: Ángel León (Aponiente***, El Puerto de Santa María); Fina Puigdevall (Les Cols**, Olot); Eduard Xatruch, Oriol Castro eta Mateu Casañas (Disfrutar**, Bartzelona); Carles Abellan (La Barra*, Bartzelona), edo Nandu Jubany (Can Jubany*, Calldetenes*). Rafa Zafra (Estimar, Bartzelona), Begoña Rodrigo (La Salita, Valentzia), Maca de Castro (Maca de Castro*, Alcudia), Elena Lucas (La Lobita*, Soria), Paulo Airaudo (Amelia*, Donostia) edo Luis Alberto Lera (Lera*, Castroverde de Campos) gazteen edo ez hain gazteen ordezkariak izango dira, goi mailakoak baitira jada.

 

Are eta mundu mailakoagoa den edizio batean, Gastronomikak euskaldun ospetsuak bere bidaian bisitatu zituen herrialdeetako sukaldari onenetatik dozena bat gonbidatu ditu. Ibilbidea jarraituz, hauek guztiek parte hartuko dute: Bel Coelho (Clandestino, Sao Paulo, Brasil); Jefferson Rueda (A Casa do Porco, Sao Paulo, Brasil); Carolina Bazán (Ambrosía, Santiago de Chile, Txile); Kurt Schmidt (Restaurante 99, Santiago de Chile, Txile); Christina Sunae (Sunae Asian Cantina, Buenos Aires, Argentina); Sau del Rosario (25 Seeds, Ángeles, Filipinak); JP Anglo (Sarsa, Manila, Filipinak); Kevin Cherkas (Cuca Flavour, Bali, Indonesia) eta Ray Adriansyah eta Eelke Plasmeijer (Locavore, Bali, Indonesia).

 

Hauek guztiek ere parte hartuko dute, nahiz eta nabigatzaileak zapaldu ez zituen herrialdeetatik etorri: Najat Kaanache (Nur Restaurant, Fez, Maroko), Vladimir Mukhin (White Rabbit, Mosku, Errusia) edo Leonor Espinosa (Leo, Bogota, Kolonbia); horrela, duela 500 urte hasi zuen munduko bira osatuko da. Arregi eta bere taldea auditoriotik begira adi egongo dira. Getaria unibertsoaren erdigunea izango da berriz.

 

Sariak eta aitorpenak

 

Biltzarreko Omenaldi Sariak San Pol de Marrera (Bartzelona) bidaiatuko du, aurten 7 Michelin izar dituen munduko emakumezko chef bakarrari emango baitzaio, Carme Ruscalledari. Urrezko Gueridon sariak, hau da, Gastronomikak jangelaren eta ardoaren munduari eskaintzen dion sariak Pirinioak zeharkatuko ditu Denis Courtiade (Plaza Athénée, Paris) saritzeko, eta “Pau Albornà i Torras” Kazetaritza Gastronomikoaren Nazioarteko Saria Cristina Jolonch katalanarentzat izango da, La Vanguardia egunkariko kazetariarentzat.

 

Gastronomikako jarduerak

 

San Sebastian Gastronomikak, guztira, hogeita hamar jarduera programatu ditu, auditorioko hitzaldiekin batera, biltzarkideek eta bisitariek ahalik eta gehien aprobetxa ditzaten biltzar profesionalaren hiru egunak. Hala, produktuen saioak, chef nazional eta internazional onenek gidatutako dastaketak edo punta-puntako bodegetako ardo dastaketak programatu dira tarterik ez uzteko libre, biltzarkideek nahi dutena topa dezaten (hiru jarduera erosiz gero % 30eko deskontua izango da eta % 40ekoa lau baino gehiago erosiz gero). Agian jardueren aretoetan topatuko dute, agian Market atalean, enpresen eta networking-aren txokoan. Aurten, atal horrek metro karratuak (5.000 m2) eta enpresa kopurua (170) mantenduko ditu “erabiltzailearen esperientzia hobetzeko”, azaldu du biltzarraren merkataritzako zuzendari Javier Yurritak.

 

Ziur gaude berriz ere arrakasta izango duela Parrillaren Lehiaketa Nazional ospetsuak, aurten hamargarren aldiz egingo denak edo San Miguel Entsalada Errusiarraren Txapelketa Nazionalak, 2019ko Espainiako entsalada errusiar onenaren etxea bilatuko duenak. Biltzarreko jarduera paraleloetako bi dira horiek. Beste bat, adibidez, Europako Sukaldari Gazteen Elkarteak Ganbera Aretoan eskainiko duen hizketaldia izango da, eta Juan Mari Arzak eta Josep Monje sukaldariei egingo dien omenaldi batekin amaituko da hizketaldia. Ez dute huts egingo, halaber, formaturik esklusiboenek; izan ere, pertsona hautatuek osatutako talde txiki batek chef onenekin batera lan egin ahal izango dute (…ekin sukaldean, Begoña Rodrigo eta Pedro Subijanarekin) eta Sukaldaritza pribatuak (Carolina Bazán eta Najat Kaanacherekin).

 

Gastronomika 19ko afariak

 

Ohikoa den bezala, biltzarraren jarduna iluntzean hainbat afarirekin osatzen da, eta horien artean bi nabarmentzen dira: inaugurazioko afaria eta Ángel León, Joan Roca, Jordi Cruz, Eneko Atxa, Juan Mari eta Elena Arzak, Pedro Subijana eta Martín Berasateguik (guztiek 3 Michelin izar dituzte) Basque Culinary Centerren prestatuko dutena Carme Ruscalleda goratzeko. Horrez gain, Carmek lehenago biltzarraren Omenaldi Saria jasoko du egun horretan, auditorioan. “Ohorea izango da etxean izatea biltzarraren historiako afari onenetako bat”, adierazi du Joxé Mari Aizegak. Hiru Michelin izar dituzten zortzi sukaldarik munduan izar gehien dituen emakumezkoarentzat kozinatuko dute. “Afari historikoa”.

 

Lehenago, igandean, biltzarraren inaugurazioko afaria izango da; kasu honetan, Getaria izango da protagonista. Herrien arabera antolatu den afari batean Gorka Lazkanok (Astillero), Aitor Arregik (Elkano), Enrique Fleischmannek (Txoko Getaria), Markel Iribarrek (Balearri) eta Igor Arregik (Kaia- Kaipe) 300 afaltiarri herriko parrillaren zaporea erakutsiko diete.

 

San Sebastian Gastronomika-Euskadi Basque Country 2019ri hasiera emango zaio. Eta munduari emandako lehen biratik azkenera arte, erakutsiko da (sukaldaritzako) jakiturian ez dutela axola hizkuntzek edo mugek. Getariatik Getariara. Ongi etorri San Sebastian Gastronomika-Euskadi Basque Country 2019ra.