Lau gipuzkoarrek harro jardun dute hiru chef indiarren eta bertoko lauren laguntzaile-lanetan, San Sebastian Gastronomika – Euskadi Basque Country biltzarreko aurreneko ekitaldi herrikoian. 

Gastronomikak hiriari irekita jarraituko du igandean, Kursaaleko jarduerari hasiera emango baitio asiar kutsuko lau hitzaldi doakorekin eta biltzar-jauregiaren atariko street food-aren irekierarekin.

Eguzkitsu denean, donostiarrak kalea hartzen du. Eguerdia da, eta Gastronomika 17k biltzarraren aurreko jarduerak abiatu ditu Bulebarrean, formatu irekian eta sekulako giroarekin. “Egun batean chef” ekitaldiak, Super Amara babesle duelarik, zazpi chef profesional eta lau amateur bildu ditu elkarrekin kozinatzeko. Alde batetik, Ivan Surinder (Tandoor, Bartzelona), J.P. Singh (Bukhara, Delhi) eta Saurabh Udinia (Masala Library, Delhi) indiarrak edo indiar sukaldaritzaren ordezkariak, eta bestetik, Enrique Fleischmann (Bailara, Bidania), Iñigo Lavado (Singular, Irun), Rubén Trincado (Mirador de Ulía, Donostia) eta Gorka Txapartegi (Alameda, Hondarribia) “bertoko” laurak sukalde lanetan aritu dira lau laguntzaile berezi ondoan dituztela: bi heldu eta bi haur, hain zuzen, halako esperientzia batean, sukaldaritza gogoko duenarentzat parerik gabekoan, bertatik bertara parte hartzeko Super Amarak egindako zozketan saridun izandakoak. Paseatzen dabiltzanek ere esku hartu ahal izan dute, Gastronomikaren aurtengo edizioa blaituko duten asiar aromak ezagutzen hasiz.

“Gastronomia maite duen hiri baten taupada da. ‘Egun batean chef’ ekimena hiriari egiten digun harrera goxoa gure erara itzultzeko modua da”, azaldu du Gastronomikako zuzendariak, Roser Torrasek. Izan ere, jarduera hau ez lukeen Gastronomikarik nekez ulertuko genuke jada. Horren erakusle, zozketan jasotako 1.000 txartel eta gehiago. Hiriak bere egin du, eta larunbat honetan ospatu da. Bulebarreko kioskoan, han jarritako sukaldea jo eta su etengabe. Haren gainean, oilaskoz egindako errezetak, edo bieirekin eginak, edo pintxo eta broxeta formatua hartu duten sorkuntza jostagarriak kozinatuz joan dira, publikoaren aurrean, eta gatza eta piperra jartzen zietelarik chefaren eta ekitaldiko aurkezlea izan den Juan Mari Mañero kazetariaren ahotik ateratako aholkuek.

Mañero aurkezten; chefak eta laguntzaileak, kozinatzen. Lavado hasi da, produktu desberdinekin egindako lau broxeta eginez, “etxean prestatzeko ezin hobeak”. Txapartegik, bestalde, baratzearen oparotasuna erakutsi du, tomate ekologikoekin egindako errezeta batean; Fleischmannek itsaskien aldeko hautua egin du, koktel formatuan; eta Trincadok Coc&Coc oilaskoa goraipatu du, horren bost zati desberdin tratatuz. Azken horrek, amaieran, publikoa poltsikoratuz, hiru oilasko banatu ditu bertaratuen artean.

Bertako sukaldaritzaren erakustaldiaren ondotik, hiru indiarrek aroma jarri dute. Saurabh Udiniak erakutsi du Indian ere, berak hantxe baitu jatetxea, mendebaldeko arraina lantzen dutela, eta bieira martorriarekin errezeta egin du; J.P. Singhek eta Ivan Surinderrek ere oilaskoa erabili dute, baina hauek beren zigilu propioarekin, kasu honetan, eta hurrenez hurren, labean erreta espeziekin, eta curry tradizional erara. Hirurek erakutsi dute gurera geratzeko asmoz heldu den sukaldaritza horren handitasuna, espeziekin eta curryarekin, bai, baina publikoa ulertzen hasi berri den beste milaka osagai eta lan-molderekin ere bai. Eta bereziki ulertzen hasi direnak ekitaldian parte hartu duten lau laguntzaileak izan dira, chef horiekin elkarlanean jardun eta prestatutako platerak dastatzeko aukera izan dutelako.

Eguzkia goi-goian zegoen bazterrak argitzen ekitaldia amaitu denerako. Ziur asko esan dezakegu inguruko jatetxeek eta bertaratu diren norbanakoen sukaldeek zertxobait gehiago jakinda itzaliko dituztela argiak. Gastronomika 17 hastera doa.

Igande herrikoi eta indiar sukaldaritzakoa Gastronomikan

Biltzarraren festa gastronomikoak kokalekua aldatu, eta Kursaalera joango da igandean, hantxe gelditzeko. Astelehenetik aurrera, biltzar-jauregiak ekitaldiaren zatirik potoloena hartuko du, biltzarkide, enpresari eta produktuekin, baina hori iritsi aurretik, igandeko jardunaldi herrikoiarekin publikoari zabalik jarraituko du Gastronomikak. Hiru hizlari indiar arituko dira (Varun Mohan, eta J.P. Singh eta Ivan Surinder, berriro ere jendaurrean) 11.30ean publikoari modu erraz eta atseginean erakusten Asiako herrialde horretako platerik ezagunenetako batzuk nola prestatu. Horrez gain, biltzarraren lehen eguneko programa irekia Andreu Genestra chef espainolak (Restaurant Andreu Genestra, Capdepera) osatuko du, gure adimenean zubia eraikitzeko lagungarri izan daitekeen solasaldi batekin, sukaldaritza mediterraneoan espeziek duten eraginari buruz.

Hori amaitzean, eguerdian, Street foodak Kursaalen atariko portxea hartuko du eta 19.00etara arte indiar kaleko janariaren zapore indartsuak eskainiko ditu. Egundoko aukera Indiako kaleko janari berezien sorta paregabe eta inedito hau disfrutatzeko, modu esklusiboan San Sebastian Gastronomika – Euskadi Basque Country-rako, biltzarraren hiru egunetan 11.00etatik 20.00etara (azken egunean, Street fooda 18.00etan amaituko da). Zehazki, jaki hauek dastatu ahalko ditugu: Allo tikki (patata-kroketa), Dahi papdi (jogur, Cherry tomate eta tamarindo entsalada) eta Dal Makhnit Jeera (dilista-gisatua). Denontzat eta nahi dugunean. Indiar gastronomia, Kursaaleko portxean.