San Sebastian Gastronomika-Euskadi Basque Countryk eskuratu du asteazken honetan Artzainek egindako Gazten Ordiziako 45. Txapelketa irabazi duen gazta, 8.750 euro ordainduta

 Urriaren 7tik 10era egingo diren jarduera eta ekitaldietan Gastronomikako bisitarien gozamenerako erabiliko du kongresuak gazta hori.

San Sebastian Gastronomika – Euskadi Basque Country kongresua gailendu da Latxa edo Karrantzako Ardiaren esne gordinez artzainek egindako Gazten XLV. Txapelketa irabazi duen Idiazabal gazta eskuratzeko enkantean; asteazken honetan jokatu da txapelketa, Ordizian (Gipuzkoa). 8.750 euroren truke lortu du gazta irabazlearen erdia Gastronomikak, eta Kortaria gaztandegiko Julen Arburua ekoizlearen eta txapelketako irabazlearen eskutik jaso du; Lekarozekoa (Nafarroa) da Julen, 26 urteko artzain gaztea.

Iñigo Iribarnegaray Vocento taldeko Gastronomiako zuzendari nagusiak jaso du gazta, eta kongresuak lurraldearekin duen lotura nabarmendu du: “20 urte beteko ditu San Sebastian Gastronomikak, eta kongresuaren helburuetako bat da bertako produktuak ezagutaraztea, enkante honetan bezala”. Kongresuak eskuratu duen gazta erdia zertarako erabiliko duten azaldu du Iribarnegarayk: “kongresuan antolatzen ditugun dastatze-saioetan erabiliko dugu; beraz, Gastronomikara datozenek dastatzeko aukera izango dute”.

Irabazle-tituluari eta saritutako gaztari baliozkotasuna emateko, chef, gastronomo, kazetari eta Idiazabal Jatorri-deiturako Dastatze Batzordeko teknikariz osatutako epaimahaia izan du Idiazabal gazten lehiaketak; Juan Mari Arzak izan da epaimahai-burua. Chefei dagokienez, honako hauek egon dira epaimahaian: Martin Berasategi, Hilario Arbelaitz, Pedro Subijana, Elena Arzak, Ander Gonzalez, Zigor Iturrieta, Aizpea Oihaneder eta Nicolas Ramirez. Dastatze lanetan aritu dira, bestalde, Jose Ribagorda kazetaria, Joxe Mari Goenaga zinema-zuzendari eta gidoigile ordiziarra eta Xabier Alkorta Eusko Ikaskuntzen XVIII. Kongresuko eta Eusko Ikaskuntzaren mendeurreneko ekitaldien lehendakaria ere, besteak beste.

Eskuragarri dauden datuen arabera, 1904. urtean egin zen lehen aldiz Artzainek egindako Gazten lehiaketa, eta 30 pezeta eskuratu zituen irabazleak. Ordiziako Udalak antolatzen du lehiaketa, Idiazabal Gaztaren Ordiziako Kofradiaren eta Idiazabal Jatorri-deituraren laguntzarekin; 45 edizio ospatu ondoren, finkatuta dago txapelketa eta gero eta kalitate eta ospe handiagoa lortu du. Ikusi besterik ez dago zenbat ordaindu den aurten gaztarik onenaren truke, 8.750 euro, hain zuzen ere. Bitxikeria modura, aipa dezakegu 1980an egin zela enkantea lehen aldiz, eta Juan Mari Arzakek eskuratu zuela, 12.000 pezeta ordainduta.

San Sebastian Gastronomika 2018. Iraultzaren hasiera

Roser Torras San Sebastian Gastronomika Kongresuko zuzendaria; Julen Arburua gazta onenaren sariaren irabazlea; eta Iñigo Iribarnegaray Vocento taldeko Gastronomiako zuzendari nagusia

Mundua aldatu duen gastronomia garaikidearen iraultza orain dela hogei urte hasi zen Donostian; askatasunean eta mugarik gabeko begiradan oinarritutako sukaldaritza-mitologiaren jatorria izan zen Donostia eta, une hartako sukaldaritza alderantzikatuta bizi izateaz gain, gertaera gastronomikoa esperientzia global bilakatu zuen. Eta orain dela 20 urte, hori babestu eta sustatu zuen biltzarra ere jaio zen. Horregatik, urtemugak batze aldera, Donostiako biltzar gastronomikoaren hogeigarren urteurrena ospatuko du Gastronomikak 2018ko urriaren 8tik 10era, eta munduaren aurrean aurkeztu gintuzten chefak eta egiten jakitea eta lehenengo ilaratik jarraitu zituztenak omentzeko egitaraua prestatu du opari.

Horretarako, aurtengo San Sebastian Gastronomika kongresuak iraultza horren protagonistez osatutako kartela aurkezten du (Martin Berasategi, Pedro Subijana, Andoni Luis Aduriz, Hilario Arbelaitz, Eneko Atxa, Josean Alija, Joan Roca, Carme Ruscalleda, Quique Dacosta, Angel Leon, Paco Perez, Dani Garcia, Nacho Manzano eta Pedro eta Marcos Moran, besteak beste), aurrez inoiz ikusi gabeko formatuetan, horietako asko beren jarraitzaile nagusiak aurkeztuz, belaunaldi-eskualdatze baten lagin gisa. Izen handienekoekin batera izango dira arrakastaren lekukoa hartu duten beste batzuk ere, hala nola Diego Guerrero, Paco Morales, Miguel Angel Mayor, Maria Jose San Roman, Kiko Moya, Alberto Ferruz, Ricard Camarena, Xanti Elias eta Yolanda Leon.

Etorkizuna jasangarria eta nazioartekoa da

Etorkizuna iraganarekin lotuta, eta etorkizuna orainaldi jasangarriari lotuta, joera horri balioa ere eman nahi baitio Donostiako biltzarrak. Horri buruz hitz egingo dute German Martitegik, Rodrigo de la Callek, Rodolfo Guzmanek eta Chele Gonzalezek; baita nazioarteko izen handiko Virgilio Martinez perutarrak ere. Penintsulatik kanpokoei dagokienez, berriz, Matias Perdomo eta Jose Andres etorriko dira, azken hori espainiar erreferente garrantzitsua Amerikan, eta bera ere herrialde honek bizi izan zuen iraultza gastronomikoaren semea. Amaitzeko, Paul Pairet frantziarrak (Ultraviolet, Shaghai) eta Yoshihiro Narisawa japoniarrak (Narisawa, Tokio) beste inork ez bezala erakutsiko dute munduko gastronomiaren bilakaera.