Orain dela bi hamarraldi espainiar sukaldaritza eraldatu zuen iraultza omenduz ospatuko du Gastronomikak Donostiako biltzarraren 20. Urteurrena.

Sortzaile gehienak izango ditugu Kursaaleko agertokian, hitz egiteko, sukaldean aritzeko eta sukaldari berriei lekukoa emateko, formatu berritzaile batean.

Paul Pairetek, Jose Andresek, Yoshihiro Narisawak eta Virgilio Martinezek, besteak beste, gastronomiak gaur egun mundu mailan duen egoera azalduko dute.

Orain dela 20 urte hasi zen iraultza, espainiar gastronomia garaikidearen iraultza, mundua aldatu duena. Orain dela 20 urte, askatasunean eta mugarik gabeko begiradan oinarritutako sukaldaritzako mitologia jaio zen, sukaldaritza iraultzeaz gain gastronomia bera eraldatu eta esperientzia global bilakatu zuena. Eta orain dela 20 urte, hori babestu eta sustatu zuen biltzarra ere jaio zen. Horregatik, urtemugak batze aldera, Donostiako biltzar gastronomikoaren hogeigarren urteurrena ospatuko du Gastronomikak 2018ko urriaren 8tik 10era, eta munduaren aurrean aurkeztu gintuzten chefak eta egiten jakitea eta lehenengo ilaratik jarraitu zituztenak omentzeko egitaraua prestatu du opari. 2018ko San Sebastian Gastronomika, 20 urte abangoardia gastronomikoan; iraultzaren hasiera.

Horretarako, mugarik gabeko iraultza horren protagonistez osatutako kartela aurkezten du Gastronomikak. Juan Mari Arzak, Martin Berasategi, Pedro Subijana, Andoni Luis Aduriz, Hilario Arbelaitz, Eneko Atxa, Josean Alija, Joan Roca, Carme Ruscalleda, Quique Dacosta, Angel Leon, Paco Perez, Dani Garcia, Nacho Manzano eta Pedro eta Marcos Morán –azkeneko biak elkarrekin– igoko dira agertokira, orain arte inoiz ikusi gabeko emanaldi-formatutan. Horietako askok lehenengo aldiz aurkeztuko dituzte beren jarraitzaile nabarmenenak –gehienak dagoeneko jatetxea eta entzutea dutenak–, belaunaldi batetik besterako eskualdatze eskuzabal batean. Sona handiko sukaldariak gaur egun ezezagunak diren baina laster izar handiak izango direnei lekukoa ematen. Inoiz hiltzen ez den iraultza.

Gainera, ikusmira zabalagoa izango du 2018ko Gastronomikak, eta iragana, oraina eta etorkizuna bateratuko ditu, chef belaunaldi berriak gonbidatuz, erkidego bakoitzean egungo espainiar abangoardia nola dagoen egiaztatzeko. Horretarako, honako hauek parte hartuko dute: Diego Guerrerok, Ivan Dominguezek, Juan Carlos eta Jonathan Padronek, Pablo Gonzalezek, Victor Martinek, Maria Jose San Romanek, Mari Carmen Velezek, Arnau Boschek, Oscar Garciak, Xanti Eliasek eta Yolanda Leonek.

Maila indibidualean zein kolektiboan islatuko da egungo egoera; formatu atsegin baten aldeko apustua egin du biltzarrak, eta baterako lau hitzaldi emango dituzte protagonistek. Sandoval anaiek bata; Disfrutar-eko hirukoteak beste hitzaldi bat; Sukalde historikoei buruzko hitzaldia egingo dute Albert Raurichek, Paco Moralesek eta Miguel Angel Mayorrek, eta Levanteko sukaldaritzaren egoerari buruzkoa, berriz, Kiko Moyak, Alberto Ferruzek eta Ricard Camarenak.

Etorkizuna jasangarria da

Etorkizuna iraganarekin lotuta, eta etorkizuna orainaldi jasangarriari lotuta, joera horri balioa eman nahi baitio Donostiako biltzarrak. Horri buruz hitz egingo dute mundu osoko puntako chefek hitzaldi anizkun batean; hala nola, German Martitegik, Rodrigo de la Calek, Rodolfo Guzmanek eta Chele Gonzalezek. Jasangarritasun saihestezinaz hitz egin eta sukaldatuko du biltzarreko nazioarteko hizlarietako batek ere, 2014an parte hartu eta gero itzuliko den Virgilio Martinezek, eta gastronomiaren munduko egoera erakutsiko digu.

Pol Pairet edo Jose Andres, munduko gastronomiaren egoera

Nazioarteko ordezkari modura, perutarrarekin batera Matias Perdomo italiarra eta Jose Andres izango ditugu; azken hau espainiar erreferente garrantzitsua da Amerikan, eta gure herriak bizi izan zuen iraultza gastronomikoaren semea bera ere, elBulli-ren eskutik. Amaitzeko, Paul Pairet frantziarrak (Ultraviolet, Shaghai) eta Yoshihiro Narisawa japoniarrak (Narisawa, Tokio) beste inork ez bezala erakutsiko dute munduko gastronomiaren bilakaera.

Oraindik izen gehiago eta garrantzitsuak ere baditugu ezkutuan, eta horrelaxe aurkezten du 2018ko Gastronomikak bere burua, imajina daitekeenetik haragoko ikuskizun gisa, iraganaren errepaso eta etorkizunerako bidai modura. Amaitzen ez den iraultza…Iraultzaren hasiera eta gastronomiaren jomuga berriak ospatuko ditugu Donostiako gastronomia biltzarraren 20. urteurrenean.