Hiru izardun zortzi chefek omenduko dute Carme Ruscalleda, biltzarreko afari nagusienetako batean. Igandeko inaugurazioko  afarian, urriaren 6an, leku ezberdinetatik hitz egingo du Getariak.

Horiez gain, beste ekitaldi batzuek ere emango diote ukitu berezia San Sebastian Gastronomika biltzarraren 2019ko edizioari, Kursaaleko eszenatoki nagusitik kanpo.

Astebete barru, berriro hartuko du San Sebastian Gastronomika-Euskadi Basque Country biltzarrak Donostia, mundu mailako interes gastronomikoa bereganatuz, are gehiago aurten, munduari egin zitzaion lehen itzuliaren 500 urteurrena ospatzen baitu. Hori ospatzeko, Donostiara etorriko dira Juan Sebastian Elkano euskal itsasgizona igaro zen herrialdeetako chefak eta proposamenak, elite gastronomiko nazionalak izango dituen biltzarrera. Goi-mailako sukaldaritza eszenatokian, baita lau egun oso horiek inguratuko dituzten jarduera paraleloetan ere. Begira ezazue biltzarraren webgunea, eta hartu agenda. Hona hemen San Sebastian Gastronomika-Euskadi Basque Country biltzarrean galdu ezin dituzuenen laburpena.

Dani Garciaren azken hitzaldia hiruizardun gisa

Biltzarraren lehenengo egunean, astelehenean, urriak 7, hiruizardun chef gisa eszenatokira igoko den azken aldia izango da Dani Garciarentzat. Urriaren 22an itxiko du Dani Garcia chef andaluziarrak Marbellako bere jatetxea, eta gastronomiaren maila goreneko bere azken berritasunak kontatzera etorriko zaigu Kursaaleko eszenatokira. Aukera paregabea, iberiar penintsulako hiru Michelin izardun berrienari entzuteko.

Inaugurazio-afaria eta Carme Ruscalledari omenaldia

Ohi bezala, hainbat afarirekin osatuko da kongresuaren eguneko jarduna; nabarmentzekoak dira honako bi hauek: Inaugurazio-afaria, batetik, eta astelehenean Carme Ruscalleda omentzeko Angel leon, Joan Roca, Jordi Cruz, Eneko Atxa, Juan Mari eta Elena Arzak, Pedro Subijana eta Martin Berasategi chefek (guztiek dute hiru Michelin izar) Basque Culinary Centerren prestatuko dutena; egun horretan bertan jasoko du Ruscalledak biltzarraren Omenaldi Saria auditorioan. Aurrez, igandean, egingo da biltzarraren inaugurazioko afaria; oraingo honetan, Getariak izango du protagonismoa. Hainbat lekutan antolatutako afari batean, herriko parrillaren zaporea erakutsiko diete 300 laguni Gorka Lazkanok (Astillero), Aitor Arregik (Elkano), Enrique Fleischmannek (Txoko Getaria), Markel Iribarrek (Balearri) eta Igor Arregik (Kaia- Kaipe).

Pintxoen I. biltzarra

Hauxe da 2019ko Gastronomikaren berritasun garrantzitsuenetako bat. Asteazken goizean, Nandu Jubany (Can Jubany, Bartzelona), Enrique Fleischmann (Txoko, Getaria), Nacho Manzano (Casa Marcial, Prendes) eta sektoreko beste hainbat profesionalek biltzarra egingo dute biltzarraren baitan, gero eta indar handiagoa hartzen ari den pintxoen, barren eta, oro har, miniaturazko sukaldaritza-formatu berrien sektoreari balioa emateko eta aurrera egiteko jardunaldia izango dena. Biltzar horren barruan, Donostiako Bokado tabernari Bar de Bares I. Keler Sari Nagusia emango zaio.

Elkanoren ondarea

Juan Sebastian Elkanoren testamenduaren irakurketarekin emango zaio hasiera 500 urteko historia lotzen duen hitzaldia Gastronomikan. Eszenatokian, Getariako sukaldari-parrillari onenetako bostek, historiagileekin batera, azalduko dute nola markatu zuten Penintsulako gastronomiako tradizio sendoenetako baten sorrera itsasgizonak bere azken nahietan legatu gisa eman zituen bi parrillek. Parrillariaren lanbidea aldarrikatuko dute asteartean agertokian.

Parrillarik eta entsaladillarik onenak

Biltzarrean bere lekua izaten jarraitzen du parrillak, eta hala izaten jarraituko du, Parrilla lehiaketa Nazionalak ez baitu hutsik egingo aurten ere; Kursaaleko terrazan izango da hitzordua. X. urteurrena beteko du herrialdeko haragirik eta parrillaririk onenak batzen dituen ekitaldi honek, eta dastatze-saio kolektibo batekin ospatuko. Entsaladilla errusiar pintxorik onenaren saria, iaz Tapas 24ko Carles Abellanek jaso zuena,  emango diote Espainiako entsaladilla onenaren etxeari. Asteartean, hilak 8, emango da Entsaladilla Errusiarraren II. lehiaketa Nazionalaren epaia; Parrillarena, berriz, asteazkenean, hilak 9.

Jantokiaren erronka. Etorkizunera begirako gakoak, euskal sentsibilitatetik

Gizakien arteko harremanak jatetxe bateko jantokian. Euskal Herriko jatetxe mota ezberdinetako profesionalak dira Asun Ibarrondo (Boroa, Zornotza), Jose Antonio Ramos (Bilbao Berria, Bilbo) eta Jose Ramon Saizar (New Sansse, Donostia), eta zerbitzuari buruzko hitzaldia osatuko dute biltzarraren azken egunean, iritziak lotzeko helburuz. Jantokiaren munduko beste profesional bikain batek moderatuko ditu guztien iritziak: elBulliko sommelierra izan zen Ferran Centelles kataluniarrak, hain zuzen ere.

Networkingaren etxea

Ez dago ulertzerik San Sebastian Gastronomika-Euskadi Basque Country bere Market gabe; nazio zein nazioarte mailako produktu onenei eskainitako gunea da, networkingerako ezin egokiagoa, eta alde guztietatik sektoreko joera berriak erakustera datozen erakusketariak biltzen ditu. Aurten, 5.000 metro koadroko erakusketa-espazioarekin, 170 enpresa etorriko dira elkartrukea sustatzeko xedez; egunero egongo da irekita etenik gabeko ordutegiarekin, 10:00etatik 20:00etara (azkeneko egunean, 19:00ak arte).

Nerabeentzako Gastronomika

Formatu berria izango du aurten Gastronomikak eta Eurotoquesek gaztetxoenei eskaintzen dien jarduerak. KOENNAk zuzenduta (Mondragon Team Universityko ekintzaile gazteen taldea), ekimenean parte hartuko duten Gipuzkoako ikasleek Elkanorekin batera bidaiatuko dute haren mundu-itzulian, tableten bitartez argitu beharko dituzten galdera gastronomikoen bitartezl Teoriaren ondoren, eszenatokira igoko dira, Fernanda Fuentes eta Andrea Bernardi (Nub*, La Laguna, Tenerife), Joaquin Felipe (My Way, Madril), Veronica Muñoz (Adolfo, Toledo), Enrique Perez (El Doncel*, Siguenza) eta Mario de Lucas (Lino, Guadalajara) sukaldariekin kozinatzera.

Pellegrino eta Fina Puigdevallekin uztartzea

S. Pellegrinok eta Acqua Pannak, goi-mailako gastronomiarekiko eta San Sebastian Gastronomika biltzarrarekiko duten konpromisoari eutsiz, izarren menua ospatuko dute aurten ere, Fina Puigdevall (Les Cols**, Olot) chefak zuzendutako otordu bikainarekin. Gironarrak markatuko du bazkariaren jarraibide solidoa; likidoa, berriz, ohi bezala, Juan Muñoz Espainiako Sommelierren Akademiako lehendakariaren esku egongo da. Asteartean izango da hori, hilak 8, Kursaaleko Ni Neu jatetxean.


Ribera del Dueroren aro berria

Behin upategiek argi utzi diotenean munduari Ribera del Duero ardoak bikaintasunaren eredu direla, erronka berriei heldu diete. Jatorri-deituraren baitan ez baitago konformismorako tarterik, exijentzia-maila ikaragarria baita; horregatik, berrasmatze etengabean ari dira, eta badaude oraindik ere gurutzatu beharreko helmugak. San Sebastian Gastronomikan, Jatorri-deiturak argi eta garbi utziko du Ribera del Dueroren helburua ez dela bakarrik ardoa egitea, historia egitea baizik; horregatik, ezustekoak iragarri dituzte, bai beren jardueran, bai kongresuaren lehendabiziko egunean auditorioan egingo duten hitzaldian.

Accesit: Jakin-nahientzako deskontua

Iaz bezala, kongresistek eta gastronomoek deskontuak izango dituzte San Sebastian Gastronomikako jarduerak erosteko, kongresuko parte-hartzea sustatzeko. 40 euroko jardueretarako (ordaindu beharrekoen gehienak), % 30eko deskontua aplikatuko da horietako hiru erosteagatik, eta % 40ekoa, berriz, lau baino gehiago erosteagatik. Gastronomikaren webgunean eskura daiteke hori guztia.

San Sebastian Gastronomika 2019 biltzarrak Elkanorekin bidaiatuko du, munduari bira egin zioneko 500. urteurrenean

2019ko urriaren 6tik 9ra egingo da San Sebastian Gastronomika-Euskadi Basque Country biltzarraren XXI. edizioa, eta lehen aldiz munduari itsasoz itzulia ematea lortu zuen Juan Sebastian Elkanoren bidaldiaren 500. urteurrena ospatuko du. Horretarako, Elkano hartuko du abiapuntutzat Gastronomika 2019 biltzarrak, Aitor Arregiren Getariako Elkano jatetxea hain zuzen ere, Andaluziaraino jaitsi eta, jatorrizko ibilbideari jarraiki, zapore bila itsasoratzeko: Kanariar irlak, Brasil, Argentina, Txila, Filipinak, Indonesia eta berriro Euskadira.

Beste latitude batzuetako izen handiko gonbidatuek ere hartuko dute parte tour gastronomikoan, baita espainiar sukaldarien konstelaziorik onenak ere. Hitzaldietara joateko –dastatze-saioak barne– (Gastronomikaren esklusibotasuna) izen-emateak irekita daude, biltzarraren webgunean (sansebastiangastronomika.com).